XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hustiapen arkeologikoek, bestalde, bete-betean egiaztatuko dituzte leinu-kultuen desalojamendu gero eta handiago horien aztarnak, eta beraien emaitzen arabera desalojamendu hori Akitaniako lautadan gertatu zatekeen lehendabizi erromatartuagoa izaki, eta mendialde eta bazterretan geroxeago, hauek jatorrizko keltar edo iberiartasunean errotuagoak zeudelako.

Garonako ordokietan edo Erdialdeko Mendigunearen hegoaldean (Rouerge Albigeois) errausketako hilerririk ez da aurkitzen IV. mendearen erdialdeaz gero.

Pirineo, Gévaudan, Auvernia eta Limousin-en, fanuak suntsituak eta abandonatuak gertatzen dira 390-400 urteen bukaeran.

V. mendean zehar bakanak dira paganismoa errauts-hobien itxurapean berpizten delako aztarnak, hala nola Saint Pierre de Chateau edo Saint Jouin de Marnesekoak, Poitu-n, eta bakanak halaber VI. mendean paganismo frankuaren aztarnak, Frontenac-en (Gironde) edo Donazaharre-n, Ibañeta-ko bortuaren oineko goarnizio batean aurkitu direnak bezalakoak.

Azken batean, ehorzketaren garaitzapena, fetxa batzuez geroztik santutegietako iturri termaletan botatako txanponen arrastorik ez agertu izana eta landako tenpluen gainean otoiztegiak eraikitzea bat datozenez, M. ROUCHEk dio bi alditan desagertzen direla praktika paganoen elementuak, belaxkaturik: zelaietan IV. mendearen erdialdean, mendietan IV. mendearen buruan(905).

Halaz guztiz ere, kultu pagano ofizialik eza ez dago ezinbestean interpretatu beharrik, ezta gutxiagorik ere, ezta bere adierazpenik gordinenean ere, jadanik esistitzen ez delakotzat, nahiz eta, V-VII. mendeetako sinodoetako erabaki batzuen letran babestuez gero (906), batek eufemismopean estal ditzakeen herri-erlijiotasunaren zenbait adierazpen, superstizioaren izen guztiz barkaberaz.

Izan ere, superstiziozko praktikak sinodo horietako disposizioetan edo Dumio-ko San Martin-en (907) edo Arles-eko Caesareus-en (908) izkribuetako pasarte seinalatu batzuetan salatzen diren bezalako tankerak hartzen dituenean, berebat VI. mendean fanu zaharretara joan ohi direnei aipamen garbiak eginez, dei egiten zaie baso eta uretako numenei, aditzera ematen dutelarik, bestalde, santutegi eta aldare zaharrak badirautela oraindik, eta arbola eta arkaitz sakratuak beneragai direla, batek badu eskubiderik de terminis eztabaidak alde batera utzi eta gutxienez ere bere buruari galdetzeko ea noraino iristen den kristau-fedearen aitormena praktika horiekin batera erabiltzen dutenen baitan eraginik uste den metanoia (909).

Lehen ere seinalatu den bezala, erlijio-molde berria landan barneratzeko egintza ez da mugatuko leinu-kultu zaharren aztarrenak desegitera, baizik eta, hirian gertatzen den antzera, osatu egiten da, segur aski, paguetako vici buruetatik hasi eta estrategia ebanjelizatzailearen ikuspuntutik garrantzizko diren beste puntu batzuetara apurka-apurka zabalduaz, santutegi eta kultutoki berriak eraikitzen direlarik eta komunio hierarkikoak civitasaren ama Elizarekin dituen lokarriak ziurta ditzan antolamendu-egitura minimo bat eratzen delarik (910).

Landako parrokien eratze-prozesua, dudarik gabe mendearen erdialdetik martxan jarria dena (ezin ahaz liteke Tours-eko Martin baten antolatzaile- eta misiolari-bultzada bikaina) (911) gehien batean V. mendeko egintza bide da, mende honek eremura dakartzan kontrakotasun-mordoa gorabehera ere Barbaroen inbasioak, Visigotuen finkamendua, Bagaude-krisia, bera izango bait litzateke landaren ebanjelizazioko mende handia (912).

Parroki-fundazio horiek iturrietan dioceses zein parochiae rusticanae deritzanak landako hinterland-eko vici-etan banaturiko nekazari-jendearen ardura izpirituala izango dute xede, eta ardura izpiritual hori, santutegi berrietako kultuaren gestioarekin batera, hainbat graduaziotako klerigoei izendatzen zaie (diocesani presbyteri (913), diakono, etc.), bertako elizara mugatuta eta hierarkiaz civitas-eko apezpikuaren agintaritzapean daudela.

Parroki-fundazio horietaz gain, kristautasuna landan barneratzeko faktore izango dira otoiztegiak, jada kristau diren bertako aziendadun aberatsek V. mendeaz gero beren villa edo jauretxeetan eraikitzen dituztenak (914).

Hasieran norberaren edo familiaren erabilerarako bakarrik izanik ere, uste izatekoa da berehala bihurtzen direla kulturako biltoki fundus-ean enplegaturiko kristau-langileentzat eta, kasuren batean Martres-Tolosanne-n bezala (915) toki horretako hilerri izateko ere balio dute.

Askotan, oratoria villaria horiek, kultuaren funtzioak ziurtatzen dituen presbiter edo elizgizon batek zainduta, Eliza kristauaren presentzia emendatzeko izaten dira landako eremu urrunenetan: baina arriskua ere izan behar dute vici-en inguruan eraturiko parroki-komunitateen sendotasunerako, eta arrazoi honegatik, arautegi xehe baten azpian ezarriko dira, hasiera-hasieratik urrutieneko nekazari-komunitateentzako laguntza espiritual efikazago bat eman ahal izan dadin, komunitateon eta vici-ko elizbarruti edo parrokiako eliza nagusiaren arteko lotura mantenduaz (916).

Problema horietako askok ez dute zertan hala izanik izango apezpikuek oratoria villaria-k parroki-eliza bihurtzeko baimena ematen hasten direnean V. mendetik bertatik seguru asko (917).